XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Vlorari buruzko berriak, Orikungo baseari zegozkionak, egiazkoak ziren.

Bizantzioren erabakia, basean zeukan partea turkiar inperioari ematekoa, dekretu berezi baten bidez zabaldu zen Konstantinoplan eta Broussen, bi inperioetako hiriburuetan.

Berri horrek ondoez handia sortu zuen alde guztietan.

Europako errege-etxeetan ezin omen zuten sinistu antzinetako Bizantzio zaharrak halako umiliazio bat onez eraman zezakeenik.

Momentuz turkiar munstroaren atzaparretatik aldegiteko ez zeukala beste biderik zioten batzuek, Bizantzioren egitea zuritzeko.

Momentuz... Eta gero?

Vloratik zetozen berrien arabera, hasiak omen ziren bizantziarrak gerraontziak eta gainerako tresnak handik ateratzeko prestatzen.

Basetik irtetera zihoazen, itxura zenez.

Ari zen eskandinabiar gudarostea ere, okupatzen zuen aldea turkiar goarnizioari uzteko prestatzen.

Eta hodei beltz horiek aski ez nonbait, zubiak eskatzen zuen sakrifizioari buruzko kantuak abesten jarraitzen zuten rapsodek Bi Roberten Ostatuan.

Zubian, betiko herioan ziharduten lanean.

Azkenengo balada, hormaratuak zubia madarikatzen eta betiere guztian dardaran egotera kondenatzen zuen hura entzun nuenez gero, benetan dardaran jarria zela iruditzen zitzaidan.

Bike-upelez kargatutako gurdiak igaro ziren gero zenbait egunetan, mendebalerako bidean.

Garraiozaleak, bidea eta gainerako guztia madarikatuz, eta haiengatik asma ahalak esanez eramaten zituen txalupazaleak bestaldera.